Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Bermeo
2008ko urriak 12, Domeka

;2008-07-03;Bukatu da ontziolak handitzeko lanen aurka alegazioak egiteko epea. Ekonomia Bermeoko ontziolak handitzeko proiektuak kritika eta protesta ugari sortu ditu herritarren artean.

Bukatu da ontziolak handitzeko lanen aurka alegazioak egiteko epea

Ekonomia Bermeoko ontziolak handitzeko proiektuak kritika eta protesta ugari sortu ditu herritarren artean.

natalia salazar

Iragan maiatzaren 7an onartu zuen Bermeoko Gobernu Batzarrak Astilleros de Bermeo S.L enpresak ontziolen jarduera handitzeko aurkeztutako azterketari hasierako onespena ematea.

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, hogei egunetako epea zabaldu zen alegazioak aurkezteko. Epe hori atzo amaitu zen, Xabier Legarreta Bermeoko alkateak jakinarazi zuenez.

Tramitazio prozesuan dago orain tirabira ugari sortzen ari den ontziolen kontua.

Alegazio guztiak jaso ondoren, aztertu egin behar dituzte eta zeintzuk onartzen dituzten eta zeintzuk ez erabaki. Horren arabera, proiektua aurrera joango den ala ez ebatzi beharko dute.

Xabier Legarretaren esanetan, «denbora luzea emango du proiektuaren azterketak; izan ere, alegazio asko aurkeztu dituzte eta denak maitasunez aztertuko ditugula esan dezaket».

«Proiektu hau aurkeztu zen hasiera unetik bertatik, herritarrekin harremanetan» egon direla baieztatu du Bermeoko alkateak, «eurekin batzartu» direla eta «iformazio guztia» eskuragarri izan dutela. Gainera, «alegazioak egiteko aukerak» izan dituztela esan du.

«Tramitazioa bukatu bitartean» Udalaren izenean adierazpenik ez duela egin nahi agertu du Legarreta alkateak, «errespetuagatik, batez ere». Agerian geratu da Bermeon gai hau «delikatu samarra» dela, Hirigintza Sailean agertu dutenez.

Proiektuak kezka sortu du herritarren artean

Ontziolak bere instalazioak handitzeko proiektuak eztabaida handia piztu du Bermeon, eta herriaren sarreran bertan, asko handitze horrekin bat ez datozela agerian da, bizilagunetako batzuek euren etxeetako balkoietan lan horien aurkako kartelak jarri baitituzte.

Herriaren Alde auzo elkartekoek agertu dutenez, proiektu honek «inpaktu handia» izango du Bermeon. Ontziolak herriaren barruanÓdaudela diote eta ondorioz, aspektu asko zaindu egin behar direla deritzote.

Ontzioletako arduradunen proiektuarekin ados ez daudela eta, sinadurak eta alegazioak bildu dituzte eta Udalean aurkeztu; proiektua geldiaraziko den «itxaropena» badaukate oraingoz.

«Obrak beharrezkoak dira»

Lanak «beharrezkoak» direla argi daukate; izan ere, ontziolek, orain dauden bezala, herriari «oso itxura eskasa» ematen diotela deritzote. Lanak, ordea, ez dira ontzioletako arduradunek pentsatu eta proposatutako moduan egin behar, euren iritziz.

Herriaren Alde elkartearen esanetan, «ontziolen moldaketa egin egin behar da, baina ingurugiroa, paisaia eta bestelakoak kaltetu gabe». «Obra bai, baina orain dagoen bezala», agertu du elkarte horretako kide batek.

Herrian egurrezko itsasontzi handiak egiteko beharrizana balego proiektua moduren batean ulertuko luketela jakinarazi du Herriaren Alde elkarteko kide horrek.

«Herriak ez du beharrizan hori»

Ontziolen asmoa, ordea, besteak beste, Madrilgo museo batera eramateko ontzi bat egitea dela agertu dute, eta horrek «herriari onurarik ez» diola ekarriko gaineratu dute. Lan karga horrek «herrian lanpostu gehiago sortuko ez» dituela azaldu du iturri berak.

Elkarte horretako kidearen arabera, Bermeon «300 ontzitik gora egon izan dira, baina orain flota guztia desagertzen ari da. Egurrezko ontzirik dagoeneko ez da egiten, beraz, honek ez dauka zentzurik».

Handitzearen aurka

Ontziolak une honetan «zortzi metroko altuera» dituela agertu du auzo elkarteak baina «beste bi metroko» altuera eman nahi diola salatu du. Beraz, «guztira, hamar-hamaika metroko altuera eman nahi dio eraikinari», haren esanetan.

Bestalde, «orgetako bat, gutxienez, itxi» egin nahi duela ere agertu du elkarteko kideak. «Orga hori, orain, aldapan behera dago baina zuzen jarri nahi du enpresak eta horrek lurrak hartzea ekarriko du», salatu duenez.

Ontziolen «alde batetik bestera bulegoak jarriko dituzte», proiektuaren arabera, eta turri horrek esan duenez, «zertarako» behar dituzten ez daki.

Egurrezko ontziak «kanpoko museoentzat» soilik egingo dituztela deritzo. Horiez gain, «aisialdirako itsasontziak» eraikiko dituztela aipatu du, eta horretarako, «ontziolak dauden moduan itxita ondo baino hobeto» daudela gaineratu.

Herriaren Alde elkarteak ez du uste ontzioletako lan-kargak lanpostu gehiago sor ditzakeenik herrian; izan ere, haien esanetan, enpresan «bost lagun baino ez daude lanean».

############

Herriaren Alde elkarteak ontziolak handitzeak «inpaktu handia» egingo duela deritzo

Obrak «beharrezkoak» direla deritzote elkarteko kideek, baina anpliaziorik egin gabe

Alegazioak jasota, aztertu egin behar dira eta proiektua aurrera doan ala ez erabaki

############

############

315 metro koadrotik 670era handitu nahi du enpresak

Tamaina handiko egurrezko itsasontziak egiten jarraitzen duen Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko ontziola bakarra da Bermeokoa.

Azken aldian hainbat ontzi egiteko eskaera egin omen diote eta lan-karga horri aurre egiteko bere instalazioak handitu nahi ditu.

Egun 315 metro koadro dituzte instalazioek eta 670era handitu nahi dituzte. Berritze lanak ere egingo dituzte.

Horretarako, 600.000 euroko aurrekontua izango du Astilleros de Bermeo S.L. enpresak.

############

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.