
2008-06-26 | 12:54:56
Ia 300 milioi euroko inbertsioak lortu ditu udalak azpiegituretarako
Legegintzaldian urtebete egin ondoren, EAJren udal gobernuak balorazio «positiboa» egin du.
Bermeoko udal taldea eratu zeneko urteurrena bete denean, EAJk urteko balorazioa egin du, «balorazio positiboa», Xabier Legarreta alkatearen esanetan.
Legegintzaldi honetarako ia 300 milioi euroko inbertsioak lortu dituela iragarri du alkateak, «Bermeoko udalerriak bere historia guztian zehar bizi izan duen aldaketarik handiena bizi dezan lan gogorra» egin dutela agertuta.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik Bermeo herrirako lortutako inbertsio «garantzitsuena» azken egunotan jakinarazi den Sollubeko tunelen proiektua da. 2013. urterako lanak prest egon beharko luketela agertu du Legarretak.
Gai honen inguruan informazioa nola jakinarazi duten modu egokiena iruditzen ez zaiola agertu dio EAko zinegotzietako batek alkateari Osoko Bilkuran, «bermeotarrontzako horren garrantzitsua izanik komunikabideen bidez jakin izana egokia ez» dela iritzita.
Horren aurrean, «informazio gehiago» eskatu du «errepideei, Guggenheim txikiari eta trenbidearen zabaltzeari» buruz. Era honetako gauzetaz «egunkarien bidez enteratzea errespetu falta handia» dela esan du. Hala ere, «elkarlanerako prest» daudela agertu du.
Mungia eta Bermeo lotuko dituen errepidearen lanek fase bi izango dituztea azaldu du Xabier Legarretak.
Lehen fasean «Mungiako saihesbidea zabalduko dute eta honek 85 milioi euroko inbertsioa izango du», alkatearen arabera.
Bigarren faseari dagokionez, «Sollubeko tunelak egingo dituzte eta 125 milioi euroko inbertsioa izango dute», gehitu du.
Azpiegitura honen harira, Legarretaren esanetan, «hasierako proiektuak tunelen eraikuntza besterik ez zuen barneratzen». Orain, ordea, agertu zuenez, «Mungiako autobidea tuneletaraino eramatea lortu dugu».
Errepide proiektu honez gain, bestelako batzuen berri ere eman du Legarretak.
Batetik, ur-araztegia erakikitzen aurten hasiko direla agertu du eta 31 milioi euroko inbertsioa suposatuko duela azaldu.
Bermeoko saihesbidearen obrei dagokienez, urte honen amaieran hasiko omen dira. Alkateak «behar-beharrezkotzat» jo ditu, «erdiguneko trafikoa arintzen» lagunduko dutela argudiatuta.
Bestalde, Almike eta Artike auzoetako errepideen egokitzerako aurrekontua 1.600.00 eurokoa izango dela jakinarazi du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.