
2008-06-13 | 10:05:02
Gotzon Klemos: «Fisikoki ondo nago, baina psikologikoki jota»
2008/05/01
Ekonomia ›› `Playa de Bakio´ ontzian sei egunez bahituta izan ostean, «orain familiagaz lasai egon» gura du Klemosek.
«Fisikoki ondo nago, baina psikologikoki jota, hainbat egunetan ez dugulako jakin gurekin zer gertatuko den». Hori da Gotzon Klemos arrantzale gernikarrak Busturialdeko Hitzari esan dion lehen gauza.
Somalian `Playa de Bakio´ Bermeoko Pevasa enpresako atunontzian sei egunez bahituta izan ostean, Klemosek «orain familiagaz lasai egon» gura du. «Esperientzia gogorra izan da, nekatuta nago eta emazteagaz, seme-alabekin eta familiarekin lasai egotea besterik ez dut nahi». Arrantzale gernikarrak enpresak egindako lana azpimarratu gura du. «Enpresak momentu guztian ahaleginak egin ditu gauza guztien gainetik gure bizia arriskuan ez jartzeko, eta ahalik eta arinen etxera bueltatu gintezen».
Deklaratzera deitu
`Playa de Bakio´-ko arrantzaleak oraindik ez du deklaratzera joateko deirik jaso. Izan ere, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak arrantzaleak galdekatuko ditu, bahiketa ikertzeko izapideak ireki ostean. Hala ere, oraindik ez du zehaztu arrantzaleekin noiz izango den. Andreuk adierazi bezala, egun batzuk utziko ditu arrantzaleak deklaratzera deitu aurretik.
Bestalde, Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza eta Arrantza sailburuak irtenbide bat aurkitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Ozeano Indikora arrantzan doazen ontzien segurtasuna bermatzeko. Bitartean, Luxenburgon, Diego Lopez Garrido Europar Batasunarekiko harremanetarako Espainiako Estatu idazkariak 27 herrialdeen babesa lortu zuen herenegun pirateriaren aurkako plan bateratu bat adosteko.
Espainiaren proposamena aztertuko dute bihar.
Bihar bertan Nazio Batuen Erakundeak bilera egingo du Espainiak egindako proposamena aztertzeko. Proposamen horri buruzko erabakiak Nazio Batuen babesa izango luke.
Klemosen ustez, «lehenbailehen neurriak hartu behar dituzte. Bestela, piratak euren uretatik gero eta urrunago helduko dira eta azkenean gure arrantza lekuetatik botako gaituzte eta jende asko bizi da horretatik. Ez dituzte euskaldunak bakarrik harrapatzen; korearrak, japoniarrak... Hainbat herrialdetako jendea ibiltzen da inguru horietatik arrantzatzen».
Ia astebetez Somalian `Playa de Bakio´ atunontzian bahituta izan diren arrantzaleak etxean izango dira enpresak beste agindu bat ematen ez badiete. «Printzipioz ez dugu ezelako deirik izan».
Orain tripulazio berri bat joango da itsasora, baina zazpi eta hamar egun artean egingo ditu lurrean, `Playa de Bakio´ ontziari egindako kalteak konpondu arte.
Atzo 12:40ak bueltan heldu ziren euskal arrantzaleak Madrildik Loiuko aireportura, Iberiaren hegazkin batean. Hainbat lagun izan zituzten zain aireportuan. Senideez gain, Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari izan ziren; besteak beste, Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Paulino Luesma Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria eta atunontziko enpresa armadoreko arduradunak.
Gotzon Klemos arrantzale gernikarrak, bost arrantzale euskaldunen izenean hitz egin zuen komunikabideen aurrean. Klemosek eskerrak eman zizkien hedabideei, Gobernu zentralari eta Eusko Jaurlaritzari, izandako jarreragatik. Bestalde, Busturialdeko Hitzari esan bezala, «oso nekatuta» zeudela eta beren «senideekin egoteko gogoa besterik ez» zutela adierazi zuen gernikarrak, Loiuko aireportura heldu eta minutu batzuetara komunikabideei egindako adierazpenetan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.