
2008-06-13 | 10:01:24
Ekaitz Clemos: «Arduratuta gaude, baina lasai hartzen saiatzen gara»
2008/04/22
Ekonomia ›› Domekan Somalian bahitutako ontziari laguntzeko fragata bidali zuen atzo Espainiak.
«Arduratuta» daudela adierazi dio bahituta dagoen Gotzon Clemos marinel gernikarraren seme Ekaitz Clemosek Busturialdeko Hitzari. «Informazio askorik ez dugu, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak esan diguna besterik ez», gaineratu du. ’`Playa de Bakio´-ko tripulazioa ondo dagoela esan diote senideei, eta bahitutakoak bihar bertan porturatuko dituztelakoan daude.
`Playa de Bakio´’ Bermeoko Pevasa atun itsasontzi-izozgailuen enpresako ontzia domeka eguerdian bahitu zuten, Somaliako itsasertzetik 250 miliatara, atunetan ari zela. 26 marinel zeuden itsasontzian eta bahituta dituzte. Bost Euskal Herrikoak dira: bat gernikarra, Gotzon Clemos; beste bi lekeitiarrak, Juan Pedro Sesma eta Iñaki Lopez; beste bat Pasaiakoa eta bosgarrena Arrasatekoa.
Mendez Nuñez izeneko fragata bidali zuen atzo Espainiak Somaliara. Defentsa politikarako idazkari orokorra den Luis Cuestak esan zuenez, «48 ordu inguru beharko ditu fragatak Somaliako kostaldera heltzeko».
Dirua besterik ez
Bahitzaileek Somaliako milizia bateko kide direla esan zuten, atzo goizaldean RNE Espainiako irrati publikoan eginiko adierazpenetan. Dirua besterik ez dutela nahi adierazi zuten eta bahituei min emateko asmorik ez dutela zehaztu zuten; baita guztia ahalik eta lasterren bukatzea nahiko luketela.
`Playa de Bakio´’-ko patroiak ere hitz egin zuen Espainiako irrati kate publikoan, eta esan zuenez, denak ondo zeuden.
Zenbait komunikabidek atzo adierazi zutenez, bahitutako `Playa de Bakio´ ontzia Gaan herriranzko bidean zeramaten. Herri hori Obbia herritik 50 kilometrora dago hegoalderantz, Cuerno de Afrikaren eta Somaliako hiriburu den Mogadiscioren artean. Hara heltzerakoan negoziazioetan hasteko asmoa zuten.
Informazio kontrajarriak
Atzo eguerdian bahitutakoen artean zauritu bat zegoela zabaldu zuten zenbait komunikabidek. Hala ere, egunkari hau itxi aurretik jasotako azken informazioen arabera, zauriturik ez zegoen, Eusko Jaurlaritzak eta armadoreek atzo arratsaldean esan zutenez.
Gonzalo Saenz de Samaniego Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ere zauriturik ez zegoela esan zuen atzo goizean eman zuen prentsaurrekoan. «Zoritxarrez ez dago informazio askorik, baina ez dago zauriturik».
`Playa de Bakio´ kaltetuta zegoela esan zuen, baina ez zuela arazorik itsasoan jarraitzeko eta porturantz zihoazela gaineratu zuen Gonzalo Saenz de Samaniego sailburuak.
Europari neurri eske
Europako Batasunak `Playa de Bakio´ atunontziaren bahiketa salatu zuen atzo.
EAko eurodiputatu Mikel Irujok, bere aldetik, piraten aurkako borrokan neurriak har ditzatela eskatu zion atzo Europar Batasunari. Irujok adierazi zuenez, «arazoa europa mailakoa da. Afrikako herrialdeekin arrantza akordioak sinatzea ez da nahikoa, arrantzatzera doazen ontzien segurtasuna bermatzea ere beharrezkoa dela uste dut».
Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok ere hari beretik egin zituen adierazpenak. «Mikel Irujok egin dituen adierazpenekin bat nator. Arrantza akordioak lortzea ez dira nahiko, arrantzaleen segurtasuna eta lan egiteko baldintza seguruak bermatzea ere beharrezkoa da».
Bestalde, PPko eurodiputatu den Carmen Fragak ere neurriak eskatu zizkion atzo Europari. Haren ustez, «bahituen berehalako askatasuna bermatuko duten neurriak hartu beharko lituzke Europar Batasunak».
ANABAC armadoreen elkarteak ere neurriak hartzea eskatu zuen atzo. 200 miliatik kanpora Somaliako uretan segurtasuna ez dagoela bermatuta zehaztu zuten, eta Europa mailan kolaborazio estrategia bat sortzea beharrezkoa dela gaineratu zuten.
Batzorde berezia
Espainiako Gobernuak informazio eta jarraipen batzorde berezia osatu zuen atzo, atun ontziko tripulazioaren berehalako askatasuna lortzeko asmoz. Espainiako Gobernuak adierazitakoaren arabera, EAEko lehendakari Juan Jose Ibarretxerekin eta Galiziako presidente Emilio Perez Touriñorekin harremanetan jarri zen batzorde hori atzo goizean, bertan parte har zezaten gonbidatuz.
Espainiako presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak azaldu zuenez, «minututik minutura» lanean ari dira, bahituen askatasuna lortzeko eta arazoari «ahalik eta lasterren irtenbidea emateko asmoz».
EAJk eta PPk Kongresuan azalpenak eman ditzatela eskatu zieten Atzerri Ministro Miguel Angel Moratinos-i eta Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori. Arazoa konpontzeko Kanpo Harremanetarako ministerioak zer egingo duen jakin nahi dute.
Bestalde, Espainiako Kongresuan EAJren bozeramale den Josu Erkorekak prentsa oharra kaleratu zuen. Arazoa konpontzeko zerbait egitea eskatu zion Espainiako Gobernuari. Horrez gain, Kongresuan duela bi urte onartutako neurriak ez hartzea leporatu zion Espainiari. Alegia, Somaliako uretan arrantzatzera doazen guztiek babesa izan zezaten onartu zuten bere garaian: fragata baten eta helikoptero baten laguntza. «Neurri hori ez dela inoiz aplikatu» salatu du Erkorekak eta `Playa de Bakio´-rekin gertatutakoa ontziek orain arte izan duten babes ezagaz amaitzeko balio izango duela espero du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.