
2008-05-20 | 17:25:42
Portuko erabiltzaileek tarifak jaisteko eskatu diote Euskal Kirol Portuak-i
Bizkaiko beste portuekin konparatuta eguneko %84 garestiagoa da Bermeoko erabiltzaileentzat.
Bermeoko Portu Zaharra Elkartea Euskal Kirol Portuak (EKP)-ekin batzartu zen duela bi aste portuko erabiltzaileek dituzten arazoen aurrean irtenbideak eskatzeko asmoz. Besteak beste, Bermeoko portuko erabiltzaileek tarifak jaistea eskatu diote EKPri. Izan ere, Bizkaiko beste portuekin konparatuta Bermeoko portuko erabiltzaileek eguneko %84 gehiago ordaintzen dute. Bermeon eguneko 0.16488 euro metro koadroko ordaintzen badute, Bizkaiko gainontzeko portuetan eguneko 0.090 euro metro koadroko ordaintzen ari dira.
Hain zuzen, 2008. urterako tarifek %16ko igoera izan dute, KPI kontuan hartu barik, gainontzeko estatuetan tarifek %30 jaisteko joera duten bitartean.
Jose Arenal Portu Zaharra Elkarteko presidentearen esanetan, «pantalana duten Bizkaiko beste portu batzuek gutxiago ordaintzen dute eta gainera ez dute segurtasun arazorik ere, guk dugun moduan».
Gainontzeko portuekiko aldea dela eta, erabiltzaile jubilatu asko eta beste lagun batzuk euren «itsasontziak saltzera behartuta» sentitu dira. «Eurentzako kostu ekonomiko handia suposatzen du ontzia mantentzeak».
Arenalek azaldu duenez, «oraindik EKPren eta Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren erantzunaren zain gaude. Arazoa da gainontzeko portuak gobernuak administratzen dituela eta Bermeoko portua EKP enpresaren menpe dagoela. Orduan EKPk dio berak Bermeon gura duen prezioa jarri dezakeela, Bermeoko portua berria delako».
Portu Zaharra Elkarteak helegite bat ezarri zuen duela urtebete inguru «Bermeoko portua berria ez dela-eta prezio horiek justuak ez direla» salatzeko. Helegite horren ebazpena abuzturako espero dute. «Orduan ezagutuko da nori ematen dioten arrazoia, guri edo EPKri».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.